2016/03/20

Raid Aran 2015 (1.zatia)

Hemen doakizue lehengo udan Euskal Raid taldeak eginiko Raid Aran lasterketaren kontakizuna detailez detaile kontatua Imanol Garaizabal taldekidearen eskutik. Hau 1.zatia da, baina laster argitaratuko dugu bigarrena ere. Artikulua irakurri ostean aurtengorako orduan eta gogo gehiago sartzen zaigu... gainera Europako Txapelketa izango da 2016ko Arango raida. Gozatu irakurketaz, merezi du eta!

RaidAran 2015 (uztailak 19-22)

Hainbeste itxarondako astea iritsi  zen. Urteko kirol helburu nagusia RaidAran zen. Entrenamendu, kirol ekintza eta deskantsuek bukaera-bukaeran hau zuten begi-bistan.
Lehengo urtean Corsica Raidera joan ginen taldetik, Asier triatloian murgilduta buru belarri, Gaizka hezkuntzako OPE-an, eta Aaron…. ai Aaron… alde batetik hezkuntzako OPE-a eta bestetik, Aian “liganorte”ko orientazio frogan, lehenengo postua lortzeko borrokan zebilela, krakkkk!!! belaunean min hartu zuen.
Ni, Imanol Garaizabal, errepikatzen nuen bakarra. Taldea osatuz Columbia Raid Series ligan ezagututako 4 lagun. Ibarratik Maitane eta Beñat (Aralar kirolak) eta Ondarrutik Haitz (Koaxi). EUSKAL RAID!!!!!!
Asistentzia lanak egiten izugarrizko ekipoa, Beñaten eta Maitaneren gurasoak.
Laurontzat zen berria 76 orduko non-stop estiloko “Expedition Race” froga. Laurok nahiko metodikoak garela aitortuz, aurreko egunetan gauza asko zehaztu nahian ibili ginen, baina raid hauetan aurretik jakiten den informazioa urria denez, ezin gauzak nahi bezala lotu.
Beno, iritsi zen asteazkena, bidai eguna. Asistentziako bi bikoteak batera zihoazen furgoneta batean beraien kasa. Gu laurok bi furgonetatan. Haitz eta ni Itziarren elkartu ginen lehenik, eta ondoren,10:00tan Garberan Ibartarrekin jatekoa erosteko. Karroa majo beteta, furgonetatan tetrix pixka bat egin eta martxa. 4 lagunek 2 furgo eder betetzen dituzte horrelako raid batean. Hau da material pila elkartzen dena.


Bidaia arazorik gabe egin genuen, Frantziako zerbitzu gune batean entsalada mundial bat janez.
Bertara iritsi (Les herriko kanpinean zen ongietorria), eta termometroak markatzen zuen beroa ikaragarria: 37ºC. Puff!!!
Material kontrola pasa, dokumentuak sinatu, (esan beharra daukagu Euskal Mendizale Federazioko poliza inprimatuta eraman behar izan genuela. Koberturak eta babesten duen guztia irakurri zutenean txundituta gelditu ziren) eta prest.
Materiala hobeto elkartu eta kaxak antolatzea gelditzen zitzaigun. Arroil jaitsierarako gauzak, ferrata bidekoak, rafting-ekoak, janaria, gauerako foko eta bateriak….
Vall Fosca taldean Aitor Otamendi genuen ezagun, eta lasai-lasai ikusten genituen. Hauek etxetik bakoitzak bere kaxa antolatuta zekarten. Igartzen da bai bakoitzaren esperientzia.
Dena antolatuta, bainu txiki bat igerilekuan, afaldu eta briefing-era (22:00etan uste dut). Bizikletan joan ginen (kanpinetik herrira 700m inguru zeuden), eta hemen lehenengo arazotxoa, nire bizikletako portamapasaren tornilloa platoak aldatzeko kablearekin kateatu zen, eta funda+kablea kakatara!! Eskerrak 5 bizikleta genituen 4 lagunentzat, bestela plato txikian egin behar lehen sekzioa.
Briefing-ean mapak eta roadbook zehaztua jaso genituen, eta azalpenak entzun. Gai oso garrantzitsu bat sartu zen jokoan. Derrigorrezko balizak eta aukerazkoak zeuden. Derrigorrezko baliza bat hartzen ez zuena zuzenean bukaerara pasatzen zen. Bestalde, denbora “mozketak” genituen 3 edo 4 sekziotan. Beraz, argi geratu zen, lehentasuna derrigorrezko balizak hartu eta “mozketak” pasatzea zela. Eta gero, aurrean izan nahi zuenak, arriskatu beharra izango zuela.


Kanpinera bueltatu ginen. Denborarik galdu gabe mapak marraztu, plastifikatu… bukatzerako 2:30a.m. Segituan lotara, iratzargailua 6:30tan jarria genuen.
Raida hasi aurreko bigarren “arazoa”. Urduritasunak, adrenalina, endorfinak edo nik ez dakit zer arraiogatik, ez nuen lo egiterik lortu gau osoan. Lehen aldia nire bizitzan. Eta hurrengo goizean Maitanek aitortu zidan, berak ere ez zuela lorik egin. Aupa gu. 76 ordu non-stop aurretik eta gaupasa eginda irteerara.
Gosaldu, kanpamendua jaso, eta irteera puntura abiatu ginen , 30 min kotxez. Les-etik Salardu-ra. Trasteak prestatu eta irteera arkura.


1.sekzioa: ►3 km ◄ ▲50m ▼ 50m ORIENTERING URBAN  

Herri orientazio motz bat. Lasai irten ginen, sekzioa bizi-bizi egiteko intentzioarekin, baina gehiegi ez estutzeko nahiarekin. Arazo gabe burutu genuen atal hau, jaitsierak zelai batzuetatik egin genituen, eta pare bat ipurdiko hartu ere bai, irristakor baitzegoen belarra.
Trantsizioa bizkor egin eta segi.

2. sekzioa. ►28+5'5 km ◄ ▲880+360m ▼880+360m MTB+TREK 

Btt zati bat igotzen, aldaketa trekking bat eginaz eta beste btt bat bueltan, teknikoagoa, politagoa, eta dibertigarriagoa.
Hasieran bizikletak hartu eta pista on batetatik gorantz. Ez zeukan misterio handirik, ez orientazio aldetik ez teknikoki. Erritmo aldetik ez ginen azkar igo, baina ezta lotan ere. Trekking-a hasten zen tokira iritsitakoan 6-8 talde inguru genituen aurretik.


Zapatilak aldatu eta oinez aldapa gora. Ibilbide polita, oso polita nire ustez, baina lehenengo baliza egon behar zen tokira iritsitakoan lehen arazoa, ez genuen baliza topatzen. Denbora dezente galdu genuen, baliza ez baitzegoen bere lekuan. Beste talde bat genuen gurekin batera eta haietako batek aurkitu zuen. Baliza pikatu eta aurrera. Tokia aparta zen, lakuak, bidexka estuak eta aterpetxe bat. Lac Major de Colomers ingurua. Hau dena atzean utzi eta berriz bizikleten bila. Hauek hartu, eta aurkako magaletik beste pista bat aldapa gora. Pista hau estutzen joan zen pixkanaka bidexka estu eta delikatu bat bihurtzeraino. Sekzioa ondo egin genuela esango nuke.
Iritsi ginen trantsiziora (Salardu) eta zerbait jan ostean hurrengo etaparako prestatu ginen.

3.  Sekzioa. ►24 km ◄ ▲1440m ▼940m TREK+VIA FERRATA  

Ferrata ederra baina oso luzea. Europako luzeenetakoa omen da. Polita eta berria, baina ze luze!!! Arratsaldeko lehen orduak ziren, eguzkia lanean, eta goiko irteerara erdi tontotuta iritsi ginela esango nuke.
Segidan trekking gogor bat. Lehenengo, bi tontor igoera luze baten ostean, eta ondoren, bailara eder batetan behera. Ez gindoazen bizkor, baina erritmo egokia zela esango nuke, probaren iraupena ikusita. Haitzek orkatila bihurritu zuen. Jaitsieran gelditu, bendatu, eta aurrera. Gogorra mutila!!!


Behera iritsitakoan TrangoWorld taldekoak aurreratu genituen eta izugarrizko gorakada eman zigun. Horrelako detaileek bizipoza ematen dute, “chute de moral”. Hurrengo balizara bizi-bizi joan ginen eta beste talde bat aurreratu genuen. Subidón! Hemen orientazio aldetik lehen erabaki kaxkarra hartu genuen, mapan ibilbide egokia genuen marraztuta, baina pasa behar genituen goiko pareta eta mendi garaiak ikusita, denon artean beste toki batetatik joateko erabakia hartu genuen. Ez zen erabaki ona izan, hartu genuen aukeran beste mendi bat igo beharra baikenuen. 500m-ko desnibela gutxi gora-behera. Beroa. Ura amaituta. Eta gainera asko ari zitzaigun kostatzen goranzko bidexka topatzea. Ondorioz, gorantz oso-oso poliki joan ginen. Raid guztiko momentu txarrena izan zela esango nuke.
Beret-eko eski pisten atzeko aldetik gentozen. Gaina hartu genuen momentuan gaua egin zen, eski erremonteak ikusi, errekatxo batetatik ura edan eta beherantz Beret-eko aparkalekuko trantsiziora zuzenean.


Trantsizioa lasai egin genuen, ondo jan, edan, gauerako bizikletak eta argiak prestatu… Gurasoek esan ziguten talde askori egin zitzaiela gogorra trekking hau, eta 7 edo 8. postuan gindoazela. Avanti!

4.  Sekzioa. ► 75'5km ◄ ▲2650m ▼3460m BTT

Sekzio honetan hasi ziren estrategiako lehen zalantzak. Aukerazko 2 baliza zeuden, puntu dezente zituztenak. Lehenengoa ez hartzea erabaki genuen (ez da erraza izaten erabaki hauek hartzea, puntuak hartu gabe lagatzen baitituzu, eta kosta egiten da). Bakoitzaren leihakortasun maila, indarrak, denbora kalkuluak… sartzen dira erabakian). Bigarren baliza hartu edo ez hartu erabakitzeko bidegurutzera iritsi ginen. Batzuk balizaren bila joatea nahi zuten, eta beste batzuk ez. Azkenean, denbora kalkulu bat egin genuen eta bai, baliza hartzeko aldapa gora. Baina kilometro bat egin aurretik konturatu ginen igoera ez zela bizikletaz egiteko modukoa eta buelta eman genuen, zuzenean trantsiziorako bidea hartuz. Gehiena aldapa behera zenez bizkor iritsi ginen aldaketa gunera. Esterri d’Àneu. Bertan FMR talde frantsesa eta Vall Fosca-koak trekking-era abiatzen ikusi genituen.


5.  Sekzioa. ►41 km ◄ ▲1810m ▼1960m TREK 

Trekking luze bat genuen aurretik. Hemen ere lehen 2 kontrol-puntuak aukerazkoak ziren. Izugarrizko igoera zuen hasieran eta gaua zenez, frontalen argiekin, Vall Fosca taldekoak ikusi genituen igoeran. Guk hara ez joatea erabaki genuen. Hurrengo sekzioa rafting-a zen eta ordu mozketa zeukan, baita bi sekzio geroago zetorkigun arroil jaitsierak ere. Beraz, trekking-a bide motzenetik hasi genuen, eta eskerrak! Hasierako zatian ez genuen orientatzeko arazorik izan, eta erritmo majoa generaman. Bigarren baliza hartzeko bidegurutzea!! Zer egin? Igo eta jaitsi baliza hartuz ala zuzenean rafting-era? Mapa ondo begiratu eta trekking-eko bigarren zatia nahiko delikatua zela iruditu zitzaigun. Beraz, hemen ere erabakia nahiko “kontserbadorea” hartu genuen.
Rafting-era irekiera ordua baino lehenago iritsiko ginela uste genuen, eta bertan lo pixka bat egin eta jateko denbora izango genuela.
Hala ere, ibilbidea aurrera zihoan neurrian ez zela batere erraza konturatu ginen. Orientatzeko zaila zen, denbora galtzen ari ginen eta uste genuena baino askoz motelago gindoazen. Nekea eta logura ere antzematen ziren. Eguna argitzen ari zela, 10 minutuko lo-kuluxka bat egin genuen, beharra baikenuen (Maitane dagoeneko haluzinazioekin hasia zen). Lurrean etzaten ari ginen bitartean, txokolate tableta bat banatu genuen lauron artean. Beñatek puska bat sartu zuen ahoan, eta jan aurretik lotaratu zenez, esnatzean, ahoan txokolate guztia urtuta zeukan. Barre galantak egin genituen!!
Aurrera segi eta pixkanaka-pixkanaka trekking-a bukatzen gindoazen. Rafting-a 10:30tan irekitzen zen, eta erlojuari begiratuta ez gindoazen gaizki. Gutxi gora behera goizeko 10:10 inguruan iritsi ginen Llavorsí-ra.
Asistentzia bertan genuen. Jan, arropak kendu, neoprenoak jantzi eta 10:30etarako prest geunden, Noguera Pallaresa erreka famatuan. Baina arazo tekniko batzuk zirela medio, antolakuntzak irteera ordua 30 minutu atzeratu zigun. Bitartean zain egon beharra.

6.  Sekzioa. ►15 km ◄ ▲0 m ▼210 m RAFTING  

Ur barruan egon ginen zain, izugarrizko beroa egiten baitzuen. Lehenengo ontzian abiatu ginen. Sekzio dibertigarria, ez nekatzekoa eta lehenengo gaupasatik espabilatzeko aproposa. Bizkor egin genituen 15 kilometroak. Hurrengo trantsizioa Rialp-en.



7.   Sekzioa. ► 35 km ◄ ▲1190 m ▼ 720 m MTB  


Rafting-etik btt-ra. Bizikletako sekzioa oso gogorra zen. 20km-ko igoera geneukan (+1190m desnibel), baino askoz gehiago iruditu zitzaigun. Erreka zulotik eski estazio baten goiko puntaraino. Beroa beldurgarria. Ia-ia 40ºC hasieran. Poliki hasi ginen gorantz eta gurekin batera Absolu Raid I talde frantsesa zetorren. Lehen herrira iritsi ginenean ureztatzeko aspersore bat ikusi genuen etxe atari batean ura botatzen. Zuzenean joan ginen bertara eta goitik behera busti pixka bat freskatzeko. Frantsesek hasieran arraro begiratu gintuzten, baina berehala buelta eman eta  etorri ziren guregana. Goraka jarraitu genuen eta atzean utzi genituen besteak. Asfaltoa bukatzen zen herrira iritsi ginenean (Llessui) beroa latza zen, nahiz eta 1500m inguruko altueran egon. Taberna bat zegoen eta Coca-cola bana edan genuen. Izotzak botillinetan sartu eta aurrera! Hortik gora eski estazio baten pistetatik igo ginen ikaragarrizko Z-ak eginaz. Oso igoera luzea zen, eta gainera aldapa guztia begi-bistan geneukanez, bagenekien zer genuen aurretik... 4 ordu inguru behar izan genituen igoera dena osatzeko.
Gora iritsi ginenean lasterketaren benetako egoeraz konturatzen hasi ginen. Hurrengo sekzioa arroil jaitsiera bat zen, eta noski, gauez ezin zenez egin, arratsaldeko 20:00tan zuen itxiera ordua. Gu goian geundela 18:00ak ziren, eta ia ordubeteko jaitsiera genuen trantsizioraino. Goitik egindako ibilbide dena ikusten genuenez, eta ez zenez Elite mailako (4 pertsonako) talderik ageri… Zenbat taldek lortuko genuen hurrengo sekzioan sartzea?
Guk gurea. Jaitsiera benetan luzea orientazio akatsik gabe egin genuen. Trantsiziora (La Torre de Cabdella) iristean denbora dezente galdu genuela aitortu behar dugu. Neoprenoak hartu, arnesak, errekako kaskoa, motxila estankoak, hitz egin…  

8.  Sekzioa. ► 6'8+2'2 km ▲380 m ▼ 380 m TREK+CANYONING  

Oinez abiatu ginen arroilaren hasierara eta “atajo” bat hartu genuen azkarrago igotzearren. Kaka! Ez genuen asmatu, erdi galdurik ginen eta buelta hartu genuen bide luzetik seguruago joateko, ez baikenuen denborarik soberan. Barrankoa ez zen zaila, eta arazo gabe jaitsi genuen. Trantsiziora bueltatu ginenean eliteko 2 taldek bakarrik lortu genuela barrankoan sartzea esan ziguten. Vall Fosca 19:54 tan iritsi zela (justu-justu) eta gu. Hala ere, geroago jakin genuen FMR taldea ere sartu zela itxiera ordua baino lehen.





Hau horrela izanda, argi gelditu zen gure estrategia “segurola” egokia izan zela, eta talde askok gehiegi arriskatuta, ez zutela asmatu. Hemendik aurrerako sekzio guztietarako estrategia argia zen. Derrigorrezko baliza guztiak hartuz gero eta mozketa orduen barruan sartuz gero, podiumeko 3. postua gurea izango zela. Helburua, beraz, argia zen. Hala ere ez zen erraza lortzea, mozketa orduak oso-oso estuak baitziren.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina