2012/07/14

Goierriko Bi Haundiak (G2H)

 
Orain hilabete batzuk sortu nuen blogari hasiera hau emango niola ez nuen inondik inora imajinatuko gaurko eguna iritsi arte. Blog hau nire bizikleta bidaiak beste irakurleekin partekatzeko eta nire esperientziak kontatzeko asmoarekin sortu banuen ere, beste modu bateko hasiera emango diot artikulu honekin.
Asteburu honetan G2H-ko ultratrailean parte hartu dut. Euskal Herrian, zehazki Goierrin, 3.urtez jarraian antolatu duten proba da, Ehunmilak ultratrailaren (168km) ahizpa “txikia”. 88km-ko luzera eta 6000m-ko desnibel positiboa dituena. Aralar eta Aizkorriko parke naturaletan barrena egiten da probaren zatirik handiena, esan beharrik ere ez dago, beraz, ibilbide benetan erakargarria dela.
7 urte arraunean egin ostean, aurten itsasotik mendira salto egin dut eta mendi lasterketen mundu honetan murgiltzeko aukera izan dut. Martxoan eman nion hasiera “Senpere Trail” lasterketarekin. Bertako esperientzia gustatu, eta barneko xomorroa piztu zitzaidan. “Bat egin badut zergatik ez beste bat?” Eta horrela etorri ziren ondorengoak ere: Orioko mendi lasterketa, Kanpezukoa, Arnoko lasterketa Mutrikun, Lakuntza-Aralarkoa. Eta uztailean Camille Extreme eta Selva de Ozako lasterketetako zati batzuk egin nituen entrenamendu bezala. Eta azkenik Goierriko 2 Haundiak. Azken hau kenduta, aurreko lasterketak 20-30km artekoak izan dira. Beraz, bistakoa da azken honen exijentzia maila askoz ere altuagoa zela.
Azkenean iritsi zen eguna. Uztailak 13, ostirala. Lesio batekin iritsi nintzen bertara. Ezker hankeko bikian zuntz haustura bat egin nuen aurreko igandean entrenatzen ari nintzela, eta ez nekien gaurkoan zer erantzun emango zidan. Hori zen lasterketarako nire zalantza handiena.
Gaueko 9etan Tolosan geratu eta Beasain aldera abiatu ginen Unai Ugartemendia, Joseba Usabiaga, Ion Ubide (Gutxienez 42,195 proiektuko kideak hirurak, beraien blogari begirada bat botatzeak pena merezi du), Iker Beloki andoaindarra eta ni. Beasainera iritsi eta Luis Lasa (lasterketan 2.postu ederra lortu zuen ibartarra), Aitor Etxarren eta Iñigo Lizarribar berastegiarrekin elkartu ginen. Beharrezko material guztiari azken errepasoa eman, motxilak entregatu eta oraindik garaiz genbiltzanez (gaueko 10ak), kafe bat hartzera joan ginen, barre batzuk eginez kirioak pixka bat lasaitzeko. 22:30ak jotakoan irteera aldera gerturatzen hasi ginen, ezagun eta lagunei kasu egin, argazkiak atera eta kontrol gunetik igaro ostean 22:50tan prest ginen irteeran. Eguraldi iragarpenak ez ziren gure aldekoak gauerako, eta horixe izan zen antolatzaileek korrikalariei iragarri ziguten lehen oharra; Txindoki tontorreko igoera kendu egin zutela, arriskutsuegi zegoelako, beraz, Txindokiko lepotik zuzenean Ganbo aldera egingo genuela.
Parte hartzaileei ohorezko agurra dantzatu ostean 23:00tan hasiera eman genion abenturari. Hasieratik Unai, Iker eta ni batera hasi ginen, eta benetan eskertzekoa izan da bi hauen konpainia lasterketa guztian zehar. Eskerrik asko benetan!
Beasain, Ordizia eta Lazkaomenditik barrena Zaldibiara jaitsi ginen. Lehen hornidura postua bertan eta giro izugarria, gazte festak ziren eta jendearen animoa ikaragarria zen. Handik Auzagaztelura igo ginen, ondorenean Larraitzera jaisteko. 19km gainean, 2:25 ordu lasterketa hasi genuenetik. Kuadrilakoak, lagunak, familiakoak… zain genituen bertan beraien animoak eta berotasuna ematen. Eskertzekoa hauen afizioa ere! Denok ere baduzue meritua!
Probaren benetako gogortasuna handik aurrera hasi zen. Gau osoan zehar hotza, euria, lainoa eta lokatza izan genituen bidelagun eta etsai. Baina denei aurre egiteko gai izan ginen Lizarrustira jaitsi arte. Goizeko 5ak inguru ziren bertara iristean. Kafe eta salda beroa hartu, estomagora janari pixka bat sartu eta Etxegaratera. 15km genituen aurretik pagadi eta laino artean. 5km inguru faltan argitu zigun egunak. Gustura asko kendu genituen frontalak kopetatik. A ze deskantsua! Behingoagatik argi naturalaz gozatzeko aukera!
Goizeko 7:50ak. Etxegarate. 50km eginak. Goitik beheraino arropa lehorra jantzi, ondo jan eta bidearen bigarren zatiari ekin genion. Afizioa hantxe genuen zain berriro ere. Gurasoak, lagunak, Ion ere bertan zen (Larraitzen erretiratu behar izan zuen gerriko minaren ondorioz), Ainhoa, Igor, Maialen, Alaitz, Unai… denak han ziren. Ibilbide guztian zehar jarraipena eginaz izan ziren (ordubete bakarrik egin zuten lo…).
Indarberrituta San Adrian aldera. Tarte honetan, berriz, Unai eta Ikerren kuadrilako Iñigo izan genuen bidelagun. Eta handik 2.handiaren igoerari ekin genion: Aizkorriko gaina. Oso ondo sentitu nintzen igoeran, frexko, “sin prisa pero sin pausa” esaten dena, eta ttipi-ttapa gelditu gabe tontorreraino. Handik behera lehen molestiak hasi zitzaizkidan agertzen ezker belaunean “zer nahi den ba hik?” esaten nion nire buruari. Ordura arte gemeloko zuntz hausturak lasterketa guztian zehar ez zidan molestia bakar bat ere eragin, baina ordurako 60km-tik gora eginak genituen. Eta jaitsiera honetan ezker belaunaren atzean lehen ziztadak hasi zitzaizkidan. “Ba, pasako da…” eta erdi korrika- erdi oinez aurrera. Urbiatik Andraitzeko lepora igo eta Oazurtzako kontrol gunera beste jaitsiera. Hemen ere molestia batzuk bai baina ezer handirik ez. Zegama-Zerain artean hasi ziren ordea benetako minak. Aldapa behera ziztadak handitzen ari ziren, eta jadanik ezinezkoa nuen korrika jarraitzea. Zerainera iristear nintzela harrapatu zidaten berriro Unai eta Ikerrek. “Badator errefortzua, eskerrak!!” pentsatu nuen nire artean. Berriro erdi korrika abiatzen saiatu nintzen baina nire ahaleginak ez zuen gehiegi iraun… beste 2km eta Mutiloako anoa gunea, ibilbideko azkena. Hemendik 9km falta helmugara.
Han ziren berriro gure zain Ion Ubide, Ainhoa, Igor, Maialen eta Unai. Igorrek masaje eder bat eman zidan belaun atzean eta momentuan, berotasunean, minak arindu zizkidan behintzat, eskerrak! 15 ordu generamatzan bidean, eta ia 80km oinetan. Abiatu eta zuzenean Lierniako igoera, niretzat ezin hobeto, aldapa gora belaunak ez baitzidan batere molestatzen… Unaiek tripetako arazo batzuk izan zituen goranzkoan baina segituan eman zion buelta eta frexko-frexko egin zituen falta ziren km-ak. Iker ere ez zen batere kexatu. Eta nik ezin aldapa behera korrikarik egin. Gorputzez frexko baina belaunak ez zidan uzten. Horrelaxe pasa genituen 2 ordu azken zatia osatzeko. Oinez. Beasainera iristean gure artean “Bueno, azken metrotan behintzat itxura ona emateko korrika sartu beharko deu ezta?” eta halaxe egin genituen helmugarako azken 200 metroak, lagunen eta familiakoen animoen artean korrika. Joseba ere bertan zen, lasterketa bikaina egin ostean jada errekuperatuta. Zorionak! Marka politta jarri duzu eta kostako zaigu gainontzekoei hori hobetzea!
Guk 17 ordu 17 minutu eta 10 segundutan osatu genuen ibilbide osoa. Lehen esperientzia izanik gustura egoteko moduan gara, izan ere helburu nagusia helmugara iristea baitzen.
Orain hotzean erreflexionatzeko garaia heldu da. Esperientzia ezin hobea. “Hurrena zein?” galdetzen zidaten batzuk asteburuan. Eta nire erantzuna “nik neronek jakingo banu…”. Aukera behintzat ugaria da. Hala ere uztaila eta abuztua bizikletari egur pixka bat emateko aprobetxatu nahi ditut, eta lehen irteera aste honetan izango da Pirineotara Tourreko etapak ikustera. Eta ondorenean ba… ikusiko da, geldirik behintzat ez naiz geratuko, seguru!
Eta hurrengo artikulua Tourreko bizipenak kontatuz idatziko dut. Ondo izan bitartean!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina